XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haiek ez ziren txantxetako urteak izan, ez munduarentzat, ezta Euskal Herriarentzat ere.

Urte horietatik kanpo orrialde bat bakarra gelditzen da hemen: 1976.01ekoa. Apropos utzi dut bizirik, oihu larri bat delako. Seaskatik herriak du izenburu. Irakur eta ikus zergatik den larria orduko hots hori.

Nekazaritzaren eskubideen alde borrokatzeko deia ere noizbatean azaltzen da orriotan. Egokia ote zen dei hori?

Begira Nekazarien borrokak izenburu duen orrialdea (1969.04). Iada 30 urte gerora, 1997ko udaberriz ere istilu gogorrak izan dira Perpinyà aldean, mugaren alde bateko eta besteko nekazarien artean.

Horrelako istilurik sortuko ez balitz, non-nahiko estatu handi-mandi horiek zer kasu egingo lieteke nekazarien nekeei, nekazaritzak dituen bizi ala hil tamainako larriei?

Parisen eta 1968ko maiatzean piztu zen gazteen errebolta hark munduko gazteriari eman zion nahasmen handiko astinaldi hura gogoan hartzekoa izan zen.

Aldi berean, gure artean elizak gaztez hustutzen eta espetxeak euskal militantez betetzen ari ziren. Urte haietan eta bat-bateko ziztuan gure gazteen pentsakerak eta jokaerak jira eta iraulketa bizi-bizian aldatzen ikusi genituen.

Baita gure nekazarien inguruko gazteriarenak ere. Horregatik datoz hain sarri gazteen aipamenak orrialde hauen artean. Askatasunaren egarri bizi bat zabaltzen ari zen gure lurretan, lehortearen ondoren euri zaparrada baten gogoa bezalakoa. Eta askatasunaren pausokadak erakusteko sortu ziren orrialde hauetako asko.

Zertarako, ordea, aspaldi hartako gogoetak gaur inori eskaini?